dario azzellini Ikertzailea eta idazlea, Kolonbian aditua

«Latinoamerikako integrazioa eragozten segituko du Uribek»

Dario Azzellini (Wiesbaden, Alemania, 1967) kazetaria, idazlea, itzultzailea eta zinemagilea da. Latinoamerikaz dokumental franko egin ditu, baita Italia, Kolonbia, Mexiko eta Venezuelako errealitateaz saiakerak idatzi ere. Das Unternehmen Krieg (Gerra Enpresa) liburuan, besteak beste, Kolonbiako gerra zikinaren eta Gobernuaren arteko loturak salatzen ditu.


Uriberen garaipenak nola eragingo dio orain arteko bere politikari?
Lehen-lehenik nabarmendu beharra dago Kolonbian emaitzek ez dutela zerikusirik izaten jendeak bozkatu nahi izaten duenarekin. Esaterako, bozkaleku asko paramilitarren kontrolpeko guneetan jarri dituzte, horrek dakartzan presio eta beldurrekin. Paramilitarren kontrolpeko eremuetan bozen %50-60-70 eskuratu du Uribek, eta haien kontrolpetik kanpoko lekuetan, aldiz, %30 inguru. Paramilitarrek argi esan dute Uribe beraien presidentea dela. Orain, bozen ondotik, Uribek militarizazioa areagotuko du, baita paramilitarrak legeztatzen eta horiek erabateko zigorgabetasunean mantentzen ere. Eskuetan dituen megaproiektuekin segituko du Uribek, eta horietan presentzia handia izaten jarraituko dute paramilitarrek, segurtasun zerbitzuetan sartuta. Horrez gain, epe laburrean Venezuelarekiko gatazka areagotuko du, eta Latinoamerikako eskualde integrazioa eragozten saiatzen segituko du. Era berean, narkotrafikoak gora egingo duela seguru nago; Uribe narco-a da, narkotrafikatzaile ibilbidea du, eta horrexegatik hautatu zuten AEBek, eskualdean beren interesak zaintzeko edota lan zikina egiteko.


FARCeko gerrillarekin negoziatuko al du orain Uribek?
Oraingoz soilik ELN Nazio Askapenerako Armadarekin hitz egiten ari da, baina ez dut emaitzarik espero. FARCi dagokionez, agian saiatuko da, baina ez dut uste deus lortuko duenik. Kolonbiako gatazka soziala eta ekonomikoa da, eta gainerako guztia horren ondorioa. Beraz, egitura aldaketak, ekonomikoak eta sozialak egiteko prest dagoen gobernua agertu arte ez da bakerik izango, ELNk eta FARCek armak uztea erabaki arren.


Lehen aldia izan da FARCek bozketak boikotatzen ez dituena. Zergatik?
Uste dut herritar ezkertiarren eta nekazari taldeen nahiari kasu egin diola. PDAren proiektua sortu zenean ELNk hori txalotu egin zuen, baina FARC urrun mantendu zen. Baina PDA bere proiektua sendotzen joan da kanpainan, baseetatik eraikita. FARC horretaz konturatu, eta baseekin talka ez egiteko, bozak ez saboteatzea erabaki du.


Paramilitarrek utziko al diote PDAri oposizioa normal egiten?
Erakunde zibil batek deus gutxi egiten ahalko du estatu aparatuak sostengatutako erakunde armatu klandestino baten kontra. Human Rights Watch giza eskubideen aldeko taldeak berak ere kontserbadorea esan du AUCren desarmea «iruzurra» izan zela eta paramilitarrak Kolonbiako Armadaren 6. Dibisioa direla. Armadak ofizialki bost dibisio ditu.